<64>
§ 2
42 Erraiten ohi dugu: “Benturaz egun hilen gara, benturaz bihar, eztugu oren baten segurantzarik; beraz, lehen baino lehen, behar dugu bide onean jarri, enganatuak gertha ezkaitezin”. Hunela erraiten dugu, eta erraitea ongi egiten dugu; ordea, obratzea bethi ere geroko utzten dugu: heriotzea zahartzerakotzat egotzten eta ordenatzen dugu. Ezin sinhets dezakegu, adinak berak akhaba arteino, akhabatuko garela. Erran bai nahi duzun bezanbat: benturaz bihar hilen, benturaz gaur, benturaz ez zahartuko. Ordea, zahartuko baikina bezala geure gauza guztiak egin. Geure nahiarekin batean, geure gogoak hanbat segurantza emaiten deraku, non zahartu hutsezko ponturaino, ezkarela hilen iduritzen baitzaiku.
Erran zerauenean deabruak gure lehenbiziko aita-amei: Nequaquam moriemini (Genes. 3), “Etzarete hilen”, sinhetsi zuten berehala, eta sinhetsi ere kolpe batez, osoki, dudatu gabe. Eta denbora hartan etzen hain miresteko hala sinhestea. Zeren nola baitziren munduko lehenbizikoak, etziakiten oraino heriotzearen berririk, etzuten nehor hiltzen zela ikhusi eta, halatan, erraxki enganatu zituen. Hala bada, nahi ginituzke gu ere enganatu; molde berean nahi leraukegu guri ere, ezkarela