<563>
Nola gerotik gerora luzamendutan dabilanak egiten derauen bidegabe bere buruari, bere giristino lagunari, eta bai munduko bertze gauza guztiei ere.
Kap. LV
360 Baldin luzaro bekhatutan egoiteaz eta gerotik gerora ibiltzeaz egiten baderauegu bidegabe Jainkoari eta aingiruei, segur da hala-hala egiten diogula geure buruari ere bidegabe, damu eta kalte. Zeren baldin orduan, hala bekhatutan gabiltzanean eta gaudenean hiltzen bagara, sekulakotzat galdu eta penatu behar baikara.
Guk dugun etsairik handiena geure burua dugu. Ezteraku nehork ere hanbat kalte eta bidegabe egiten, nola gerok egiten baitiogu geure buruari. Gerok geure buruak galtzeintugu, ifernura egotzteintugu. Eztugu nehortzaz ere hanbat okhasino eta arrazoin arrenkuratzeko, nola geure buruoz; eztugu bertzeri zer atxakia emanik, eta ez zer hoben egotzirik: geureak ditugu faltak.
Eztakit non dugun adimendua, eta ez zertan