Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/534

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<532>

isur ditzatzula zeure bekhatuak olioa bezala, eztia bezala edo arnoa bezala. Nola, bada? Sicut aquam. Ura bezala. Zeren ezta janharirik, eta ez edaririk, ura bezain garbiki eta osoki hutsten, isurtzen eta xutkatzen denik. Eztia hutsten duzunean, edo olioa, gelditzen zaika bethiere untziari zenbait hondar edo kutsu. Arnoa hutsten duzunean ere, ahal guztia xutkatuagatik, gelditzen da usaina bedere. Baina uretik ezta gelditzen kutsurik, eta ez usainik. Alde guztiz hutsten, xutkatzen eta garbitzen da. Hala bada, guk ere geure bekhatuak kofesatzen ditugunean, behar dugu geure gogoa eta bihotza intenzione gaixto guztietarik alde guztiz hutstu, xutkatu, garbitu; eta, halatan, ura egotu den untzia bezala, batere hondarrik, kutsurik eta bekhatuaren usainik eta urrinik gabe gelditu.

Ordea, hunela kofesatze haur, zenbatetan egin behar othe da? Asko othe da, geroko luzaturik, urthean behin kofesatzea?

Nola kofesatzeko manamendu haur Jainkoak berak emana baita, konplitu behar da, noiz izanen baita ere, noizbait. Eta hala heriotzeko orenean, edo dakusagunean utzten badugu eskuen artean dugun okhasinoa iragaitera, ezkaitezkeiela sekulan kofesa, orduan Jainkoaren manuaren konplitzeagatik ere, behar dugu kofesatu. Ordea, zeren baitirudi