<47>
Isaias profetak: Venerunt usque ad partum, et virtus non est pariendi (Isai. 37). Ethorri ziren erditzeko pontura; ordea, etziren erdi, etzen hartarakotzat indarrik aski. Hartzen dugu gogo, hartzen dugu borondate, obra onak egin behar ditugula; eta ethortzen gara egin behar ditugun orenera; ordea, han ixtitzen eta gibelatzen gara, han anu eta ukho egiten dugu, beharrenean faltatzen dugu. Zeren hartzen dugun gogo eta borondate hura, ezpaita fina, ezpaita zinezkoa eta ez deliberatuki deliberatua; nahikundea baita, eta ez nahia. Voluntas nova, quae mihi esse caeperat, non erat idonea ad superandam priorem, vetustate roboratam, dio San Agustinek (Augus. lib. 8 Confess., cap. 5). Ene borondate berriak etzuen indarrik asko borondate zaharraren garaitzeko. Lo datzanak, erdi iratzartzen denean, egiten du zenbait mugida, jaiki nahi iduri bat, baina nola ezpaita asko zinez permatzen, berriz lotara bihurtzen da, loa nabusi gelditzen da. Hala dio San Agustinek, gerthatzen zeikala aldia batez berari ere: Cogitationes, quibus meditabar in Te, similes erant conatibus expergisci volentium, qui tamen superati soporis altitudine, remerguntur (Augus., ubi supra). Munduko atseginek eta plazerek, lo gozo batek bezala azpian nendukaten, eta noizik behin ethortzen zeizkidan plazer hetarik ilkitzeko eta Jainkoa baithan phensatzeko desirkunde batzuk. Baina hek guztiak, lotarik iratzarri nahi