<407>
hunen berri jakin zuenean, desira handia bazuen ere bere ondotik zenbait umeren utzteko, guztiarekin ere, gaztigatu zeraukan bere emazteari, begira zuela, etzezala halako erremediorik har; etzezala haur izaiteagatik arnorik edan. Zeren nahiago zuela emazte haur gabea, esterila, defota, antzua eta, haltza oihanaren bista bezala, fruitu gabea, ezen ez hordia eta arno edalea. Hitz notatzekoak ziren hauk, eta segur ongi erranak. Zeren handiak baitira arnoak, guztiz ere emaztetan, egiten dituen kalteak; hain handiak, ezen ezpaita emazte edalea baithan zer fidaturik, eta ez gizon hordia baithan ere.
Ohoin bat, jokari bat, arnegari bat, putaner bat, gaixto da; ordea, gizon da, bere adimenduan dago, zerbaitetako gai da. Baina hordia, ardankoia, abre da, ezta gizon. Zeren gizon izaitea da adimenduan egoitea, arrazoinaz usatzea. Beraz, hordia, hordi deino, ezta gizon. Zeren orduan ezpaitago adimenduan; ezpaita orduan abrea baino gehiago arrazoinaz baliatzen. Eta hala, gizonak bere gizontasunean ezin duke falta handiagorik, eta ez desohore desohoragarriagorik (munduak hala ezpadaduka ere) horditzea, adimenduaren nahastea eta fama hartan jartzea baino.