<405>
Haragiaren bekhatutik begiratzeko bederatzigarren erremedioa: sabelari ez sobera emaitea
Kap. XLIII
264 Emaztetako egiteko hunetan bere buruaz kontu ona eman nahi duenak, behar du jan-edanetik ere begiratu. Behar du neurriz jatera, edatera, eta gustuaren eta zaphorearen portalearen ahal bezanbat zerraturik edukitzera enseiatu. Sine Cerere et Bacho, friget Venus, dio Terentziok. Ogirik eta arnorik ezten lekhuan, hotz da Venus: ezta han amurusiarik, eta ez emazte gutiziarik. Errana da, haragiaren plazera, amorio desordenatua, sua bezala dela; eta su haren egurrak jan-edanak direla. Edeki iatzotzu, beraz, egurrak, jan ezazu guti eta edan gutiago, eta halatan, edo ezta sua pitztuko, edo pitztua fite iraungiko da.
Ordenatu zuen Solonek bere legetan, baldin herriko kargudun bati gertha bazekion sobera edatera, eta handik mihiaren motheltzera edo zangoen kordokatzera, edeki zekiola berehala bere kargua. Eta arrazoinekin