<35>
ezkauden behin ere geldirik eta ez alferrik? Nola hazten, handitzen, loratzen eta geure denboretan eta sasoinetan fruituz bethatzen garen?”.
Bada, aniamalia adimendurik eztutenek ere, behintzat erleek eta xinhaurriek, arrazoinekin erranen derakute, beha diazegula, heken nekeak, trabailuak eta joan-ethorriak konsidera ditzagula, eta halatan, agian, ahalketurik bedere, geure eginbidearen egitera eta trabailatzera ernatuko eta erdutuko garela.
Erleak, hain gauza ttipiak eta flakoak, bethatzen du mundua eztiz eztitzeko eta ezkoz argitzeko. Eta gaitz lizateke kontatzea, nola gobernatzen diren erleak elkharren artean; nola duten bere erregea, eta obeditzen duten; nola zaharrak kofauean barrena etxeko lanen egiten egoiten diren; eta gazteak, bere mantenuaren eta bizikaien garraion, kanpotik hari diren; nola duten bere athalzaina, eta behar ere bai. Zeren eztiari, nola baita gozo, eta izena duen bezala, ezti, anhitz baitarraika eta baitzaika aiher. Nola trabailatzen direnek, trabailatzen eztiren alferrak eta nagiak ezten kolpez egotzten dituzten bere konpainiatik. Expellunt ab alvearibus pigras (Plin.). Eta nola bertzerik ere anhitz gauza egiten duten; eta guztiak hain ordenantza handiarekin, non baitirudi ezen