<317>
ere batbederak bere falten gogoratzeaz. Zeren ahalketzen da, edo ahalketu behar luke bertzeri ez barkhatzeaz, berak barkhakizun gehiago, edo hainbertze duenean. Ezta zuhurtzia, faltatan erortzen denak faltatan erortzen denaren gaitzestea eta gaztigatzea. Zeren halatan berak ere bere burua gaitzetsi eta gaztigatu behar bailuke.
§ 2
211 Halaber, koleraren iraungitzeko on da, adiskide baten, Mezenas baten aldakan izaitea. Hark linburtzera zohazinean, kolerak itsuturik erhokeria baten egitera zaramatzinean, kapatik thira zaitzan, abisa zaitzan, eta erortzetik begira zaitzan. Gizon bat zihoan behin bere gogoz bertze baten hiltzera; eta ikhusirik bere adiskide batek nola zihoan, galdegin zeraukan: "Norat zoaz horrela harmaturik?". Ihardetsi zioen: "Hunelakoren, urliaren hiltzera noha". "Eta zer izanen da, baldin hark zu hiltzen bazaitu?". "Ez nintzen horretzaz orhoitzen". Adiskideak orhoitarazi zuen, eta orhoiturik, gibelat bihur arazi zuen.
Anhitzetan egin zioen ofizio haur Mezenas bere adiskideak Augusto Zesar enperadoreari. Eta guztiz ere egun batez, enperadore hark kolerak itsuturik eman baitzuen sentenzia gaixto bat, eta haren arauaz