<259>
§ 2
173 Juramentuan den gauzarik gaixtoena, galgarriena eta perilosena da usantza. Premia gabe, egiaz ala gezurrez mintzo den behatu gabe, makilaren permatzeko eta pordoinkatzeko urrats guztiaz eskuan bezala juramentuaren ere ahoan, hitz guztiaz minzatzeko, erabiltzea. "Ez" eta "bai" asko den lekhuan, erraiteaz eta enzuteaz "bai, Jainkoaren Pasionea", "ez, Jainkoaren Odola", nor ezta ikharatuko? Nori etzaitza buruko ileak latztuko? Behintzat badio Spiritu Sainduak: Loquela multum iurans, horripilationem capiti statuet, et irreverentia ipsius obduratio aurium (Ecclesi. 27). Juramentu anhitz egiteak, bethi burhoz minzatzeak, latzteintu buruko ileak, eta jende prestuek, halakorik ez enzuteagatik, beharriak hersteintuzte, burua bertze aldera itzultzen dute.
Juramentu anhitz egitea, bethi burhoz, arneguz eta maradizinoz egoitea eta minzatzea, ifernuko usantza da, eta hitzkuntza ifernuan usatzen dena.
Eta nola batbedera bere hitzkuntzan baita ezagun nongo den: franzesez mintzo dena Franziako dela: eta espainolez mintzo dena Espainiako: hala da, bada, halaber, batbedera bere arneguetan eta juramentuetan ezagun