<257>
batzuk, deus balio eztuten gauza batzuen gainean, ezpaita heken hautsteaz kalterik, eta ez konplitzeaz probetxurik, nola baita mahaian jartzean etzarela lehenik jarriko, etxean sartzean etzarela aitzinean sarthuko, edatean eztuzula lehenik edanen.
172 Hunelako juramentu hauken egiteaz, ezta bekhaturik, behintzat mortalik, eta ez, ez konplitzeaz ere. Jondone Petrik erran baitzioen zin-zinez, juramentu eginik bezala, bere nabusiari: Non lavabis mihi pedes in aeternum (Ioan. 13). "Ezterauzkidatzu sekulan zuk niri oinak garbituko". Utzi zerautzan, guztiarekin ere, garbitzera, eta etzuen hartan bekhaturik egin. Zeren hunelako juramentu hautan emaiten da aditzera, geure aldetik denaz bezanbatean, kortesiaz, hala nahi gendukeiela. Ordea, utz ditzakegu geure buruak, bekhaturik egin gabe, benzutzera, Jondone Petrik utzi zuen bezala.
Eta zeren juramentu batzuk baitira presenteko gauzez, bertze batzuk ethorkizunekoez, guztietan behar da egia. Eta ethorkizunekoak behar dira egin gauza onaz, maliziarik gabe, enganamendurik gabe eta konplitzeko borondatearekin, baldin konplitzeaz zenbait kalte, nehork lehen uste etzuenik, sortzen eta agertzen ezpada, nola agertu baitzen Herodesek egin zuen juramentuan.