<198>
denbora gutiz, pontu batez. Zeren San Basiliok dioen bezala: Non, enim, temporis quantitate, sed animi proposito, poenitentia iudicatur (Basil. orat. 4 de paenit.). Penitenziaren indarra eta balioa, borondatearen deliberamenduan dago, eta ez denboraren luzetasunean. Hala dio San Agustinek ere: In actione, autem, poenitentiae, non tam consideranda est mensura temporis, quam doloris (August. in Enchyrid., cap. 6, t. 3). Penitenzia egitean, ezta hain konsideratu behar denboraren neurria, nola dolorearena. Urrikimendu egiazkoak, bihotzez konbertitzeak, dolore finak eta beroak, gehiago daidi denbora gutiz, dolore laxoak eta hotzak anhitzez baino. Dolorea behar da neurtu eta konsideratu, eta ez denbora. Haur beror emaiten du oraino aditzera San Agustinek, erraiten duenean: Poenitentia, vero, non annorum numero censetur, sed amaritudine animi (Aug. serm. 67 De tempo, t. 10). Penitenzia ezta, ez, urtheen kontuaz egiazko eta balios egiten, baina bai bihotzaren barreneko doloreaz, urrikiaz eta atsekabeaz.
Nola bekhatuaren arimatik kentzeko eta atheratzeko, bi gauza behar baitira: bata Jainkoaren aldetik, haren garazia eta faborea, eta bertzea guretik, gure nahia eta borondatea (Vide S. Thom. 1.2, q. 113, art. 7 in corpo.); eta gauza hauk guztiok, are gure aldetik behar direnak ere, prinzipalki Jainkoak egiten baititu; halatan Jainkoak bere garaziaren emaitea, eta gure garazia haren errezibitzeko eta harekin batean bekhatuaren kentzeko