<152>
eta miserikordios. Zeren hain maite gaituen; zeren bekhatu egin eta berehala ezkaituen gaztigatzen, zeren igurikitzen derakun; eta, finean, zeren hanbat ongi eta ontasun egiten derakun, hargatik beragatik ere, hartarik okhasino harturik, behar genduke, are bertzela eginen genduen baino hobekiago haren borondatearen egitera enseiatu; eta zer ere bekhatu eta gaixtakeria orainokoan erabili baitugu, hek guztiak utzirik, prestutasun batean jartzera deliberatu; eta halako moldez, thailuz eta suertez aitzinerat gobernatu, non azken finean, Jainkoaren miserikordiarekin batean, erdiets dezagun guretzat ordenaturik eta prestaturik dagoen bozkarioa, zein baita zeruko loria.
Nola gerotik gerora ibiltzeaz galtzen dugun denbora
Kap. XII
101 Gerotik gerora zabiltza; urthe hunetan gaixto izanik, dathorkeienean onduko eta prestutuko zarela diozu. Bada, biz hala, zuk diozun bezala, eta gogoan darabilazun bezala gertha dakizun, eta urthe