Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/148

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<149>

eta bekhaturik egin gabe, prestuki bizitzen denarentzat, estimatzen duzu dela hertsi, mehar, eskas eta abarizios. Guztietan zabiltza eta gabiltza nahasiak, errebelatuak eta huts eginak.


§ 5


98 Ez huts egiteko, behar bezala esperantza eta fidantzia izaiteko, zer egin behar da? Ihardesten du errege Dabitek: Sacrificate sacrificium iustitiae et sperate in Domino (Psal. 4). Erran nahi du: "Egizue ongi, ahalez obra onetan enplega zaitezte, eta gero orduan euzue Jauna baithan esperantza". Zeren bertzelako esperantzak deus guti balio du.

Egun batez ethorri zeitzan Frai Gil sainduari kardenal batzuk bisitatzera. Eta bere bisita akhabaturik, partitzerakoan erran zioten, arren, zegiola Jainkoari hetzaz othoitz. Ihardetsi zerauen Frai Gilek: ―Aitzitik, jaunak, zuek egiozue nitzaz. Zeren nik baino zuek sinheste eta esperantza gehiago duzue. —Ordean, nolatan ahal dateke hori horrela? ―diotsate kardenalek―. Zeren gu gabiltza munduan barrena sarthuak, aberatstasunez betheak, atseginez eta plazerez gainez eginak, eta zu penitenziatan, obra onetan, munduko egitekoetarik kanpoan eta, guztiarekin ere, diozu