Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/146

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<146>

anarteraino, bitartean, justizia edukazu zeuretzat, eta utzazu miserikordia, bere bekhatuetarik apartatzen direnentzat. Zeren bertzela debekuan nahi ditutzu eskuak sarthu, bertzeren zuzena nahi duzu zeuretu eta goratu.


§ 4


96 Erranen duzu, bethi dela on esperantza, beti behar dela eduki fidantzia. Eta ongi diozu, egia da, hala da. Ordea, noiz eta nola bethi? Bekhatu eginez gero, baina ez egiterakoan.

Ezta Jainkoaren miserikordian fidaturik bekhaturik egin behar. Susana emazte saindu hark nahiago zuen jende gaixto batzuen eskuetan erori, Jainkoaren miserikordiaren menean baino. Melius est mihi incidere in manus hominum absque peccato, quam peccare in conspectu Domini (Daniel 13). Baina errege Dabitek nahiago zuen, jendeekin baino, Jainkoarekin iharduki, nahiago zituen bere on-gaitzak harekin iragan. Melius est ut incidam in manus Domini, quam in manus hominum (2 Reg. 24). Eta biek, hala Dabitek nola Susanak, zeramaten kontu ona. Zeren Susana zen bekhatu egin gabea, eta Dabit bekhatu egina. Eta bekhatu eginez gero, Jainkoarekin behar da iharduki, hara laster, han fida, haren