Orrialde:AxularGero faksimile.djvu/218

Wikisource BIMtik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu
Orri hau berrikusi gabe dago

<218>

Hala edukazu, bada halaber, zuk ere galdutzat zeure burua, bekhatuz betherik eta kargaturik, heriotzearen kosta joiten duzunean; bethi ere gero onduko zarela erraiten duzula; eta bekhatu egiteko gogoan eta borondatean zaudela, zeure azken eritasunak edireiten zaituenean. Zeren hartaraz gero, gutiak dira ongi libratzen direnak, galdu gabe eskapatzen direnak.

Beraz, hunelatan, orai baituzu osasuna, indar, antze, adimendu eta zeure burua zeure eskuko; orai ezpaitzara oraino eri, eta ez heriotzeko hersturan jarri; orai baitzara libre, eta nahi baduzu ongi, eta gaizki ere, daidikezun denboran. Orai bada, orai, men-menean jarri gabe, sukharrak nahasi gabe eta eritasuna jaundu gabe, egintzatzu gero egin gogo ditutzun ongiak eta deskarguak. Eta "orai" diot. Zeren, nola orai egiten duzun guztia, eritu gabe, heriotzeko hersturan jarri gabe eta nehork bortxatu gabe, libreki eta borondatez egiten baituzu, hura izanen da gauza handia, estimatua, indartsua, botheretsua, baliosa, Jainkoari eder izanen zaikana, eta merezient azken finean zeruko loriaren erdiesteko.